Erromatarren mundua

ARKAIA-SUESTATIUMEKO CIVITAS

Erromarekiko lehenengo kontaktuak Augustoren garaian gertatu ziren; ziurrenik, Asturica Augusta (Astorga) eta Burdigala (Bordele) hiriak lotzen zituen bidearen eraikuntzarekin bat eginez, egungo Arabako lurraldetik igarotzean. Galtzada garrantzitsu horren trazatua antzinako asentamendu karistiarraren hegoaldean izan zen, ziur asko, haren garapena eta hazkundea bultzatu zuen faktore nagusietako bat.

Une hartatik aurrera detektatzen dira hiriko lehen eraikuntza-jarduerak: antzinako kale karistiarrak egokitzea, aurreko hirigintzarekiko orientazio desberdineko berriak sortzea; drainatzerako eta urak husteko kanalak eraikitzeko egokitzapen obra handiak egitea, etab. K.o. I. mendearen erdialdeko urte horietan eraiki ziren Otazibarreko lursaileko terma publikoak ere.

Bainu horiek eskema lineal sinple bat dute, oinarrizko dependentzia batzuk izateagatik bereizten dena: apodyterium, frigidarium, tepidarium eta caldarium, linealki antolatuak. Gela horien ekialdean palestra zegoen, eta iparraldean esleitzen zaila den gela bat, agian, zalantza askorekin, terma basilikarekin bat etor litekeena.

Terma-eraikinarekin batera, hiriko espazio publiko nagusia garatu zen, forum gisa identifika daitekeena. Lehenengo fase honetan, multzoa eremu ireki eta monumentaltasun txikiko gainazal gisa konfiguratzen zen, komunitatearen herri jarduera nagusiak biltzera bideratua.

Hiriaren goren unea K.o. I. mendearen amaieran eta II. mendearen hasieraren artean kokatzen da, ziurrenik, Vespasianok ius Latii ematearekin lotuta. Orduan iritsi zen hiria bere hedadura handienera, 20 hektareatik gora, eta orduan izan zuen monumentaltasun mailarik gorena.

Eraldaketa hori bereziki argi ikusten da foroaren eremuan, sakoneko berrantolaketa egin baitzen bertan. Jatorrizko espazio irekia monumentalizatu egin zen, zerupeko plaza zentrala edo platea inguratzen zuten galeria arkupedunak eraikiz. Era berean, programa eskultorikoak eta beste arkitektura elementu adierazgarri batzuk hartzeko oinarriak altxatu ziren, horrela, hirigunearen izaera politiko, administratibo eta sinbolikoa indartuz.

Handik gutxira, hiriko obra publiko aipagarrienetako bati heldu zitzaion: ur-korronte bat bideratzeko kanalizazio bat eraikitzea, hiria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen zuena eta, ziur asko, egungo Santo Tomas ibaira isurtzen zena. Urtaro izaerako ur ibilgu horrek behin eta berriz gora egingo zuen, hiriko hainbat sektoretan kalte handiak eraginez, eta horrek azalduko luke neurri horretako ingeniaritza hidraulikoko esku-hartze baten beharra.

Kaltetutako espazio horietako bat terma multzoa izan zitekeen, data horietarako jada bere jatorrizko funtzioari betetzeari utzia baitzion. Eraikina beste helburu batekin berrerabiliko zen, ziurrenik administraziorako, hiriaren hiri-antolaketaren barruan.

Ingeniaritza hidraulikoko obra garrantzitsu horrek gutxienez hirurehun metro inguruko ibilbidea izango zuen. Orain arte horren frogak aztarnategiko hiru puntu ezberdinetan dokumentatu dira, eta egoera horri esker, haren trazadurako punturik garaienaren eta baxuenaren artean hiru metro inguruko desnibela kalkulatu ahal izan da.

Hiriaren hegoaldean, bidearekin berarekin lotura estuan, harri-horma erregularrez eraikitako hogeita hamar bat metroko luzerako zati bat identifikatu zen. Egiturak eraikuntza-ezaugarri bereziak ditu, besteak beste, ibilbidean zehar norabide aldaketa ugari, ziur asko uraren abiadura murrizteko eta hormen gainean egindako presioa arintzeko pentsatuak. ra berean, kanal nagusiaren ondoan bertara isurtzen ziren bigarren mailako hainbat hodi dokumentatu ziren, sistema hidrauliko honen konplexutasuna eta sofistikazioa agerian utziz.

Kanalizazio honen trazatuari iparralderantz jarraituz, ehun bat metrora eta terma eremutik gertu, beste zati garrantzitsu bat aurkitu zen, harri-horma erregularrez egina hau ere, zabaleran eta sakoneran ia neurri berekoa; beraz, azpiegitura beraren zatitzat har daiteke. Bertako puntu batean, kanalizazioa zabaldu egiten da zazpi bat metroko zabalera lortu arte, horrela, gainezkabide bat eratzen du, ur-goraldietan gehiegizko ura metatzera bideratutako «ekaitz-tanga» edo euste-baltsa gisa funtziona zezakeena.

Ezin izan da ekaitz-tanga honen neurria dokumentatu egitura lursail pribatu batean sartzen zelako, baina egiaztatu ahal izan genuen 50 metro iparralderago beste eroanbide bat zegoela, antzeko egikerarekin, eta haren ibilbideagatik, handiak abiatua behar zuela. Egitura hidrauliko hori zuzenean Santo Tomas ibaira isurtzen zen.

Finean, jarduera honi esker antzinako ibilgu natural bat bideratu ahal izan zen, inguruko nekazaritza-lurren drainatzea zein Akitaniako Bidearen inguruan garatutako hiri-bilbean espazio berriak gehitzea ahalbidetuz. Era berean, azpiegiturak funtzio osagarri bat bete behar izan zuen hiriko saneamendu-sareko kolektore nagusi gisa, euri-uren eta hondakin-uren hustuketa sistema hidrauliko beraren barruan integratuz.

Hiri-sektore berria askoz ere ortogonalagoa da antzinako asentamendu karistiarretik eratorritako hirigintzari eusten zioten eremuena baino. Era berean, espazio horietan eraikitako etxebizitzak eta aurreko eraikinak oso desberdinak dira, eta erromatar arkitektura ereduak hartzen dituzte guztiz. Patio zentral baten edo peristilo baten inguruan antolatutako etxeak dira, eta haren inguruan banatzen dira etxeko unitatea osatzen duten hainbat gela.