Erroma baino lehen

KARISTIARREN HERRIXKA
Arkaiako aztarnategian aurkitutako lehenengo lekukotzak –tokian bertan hondeatutako egiturak eta eskuz egindako zeramikazko materiala– Lehenengo Burdin Arokoak dira, oro har. Aro hori ez da oso ezaguna; izan ere, oso esku-hartze arkeologiko gutxi sakondu dira kokaleku primitibo baten jatorria diren maila horietara, estratigrafia modernoagoa zaindu nahi izan delako.
Informazio gehiago dago hurrengo aldiari buruz, K.a. III. mendetik K.a. I. mendera artekoa. Tarte horretan, antzinako kokaleku hori finkatu egin zen lehenengo, eta ondoren, herrixka garrantzitsu bihurtu zen. Herrixka hartako zenbait kale eta kale horiek osatzen zituzten zenbait etxadi ezagutzen dira, eta hori bertako hirigintzaren lehen zantzua izan daiteke. Bertako etxeak oin obalatukoak ziren, 70 eta 100 m2 artekoak, harrizko zimenduekin, lur zapaldu edo adobezko jasodurekin eta landare-estalkiarekin eginak. Barrualdeak lur zapalduzko trenkadekin banatuta zeuden eremu desberdinduak sortzeko eta, hala, espazioa optimizatzeko. Eremu horiek buztin zapalduzko lurra zuten, sarrerako ezkaratzean izan ezik, bertan legarrezkoak ziren eta.
Bizileku horietan beheko suak, ehungailu-pisuak, zereala ehotzeko eskuzko errota zirkularrak, hainbat motatako ontzi zeramikoak, apaingarri pertsonalak, etab. aurkitu dira, eta horri esker, bertakoen ohituren eta bizimoduaren berri izan dezakegu. Gainera, hormetan zeuden zenbait haurren ehorzketak ere dokumentatu dira, eta hori antzinako tradizioarekin lotzen da erraz, alegia, haurren gorpuak etxe barruan ehorzten zituzten babesa emateko eta beste mundura errazago igarotzeko.
Herrixka hau erromatarrek karistiarrak deitzen zituzten talde etnikoarena zen. Etnia horrek gaur egungo erdialdeko Araba eta Bizkaiko zati handi bat hartuko lituzke, ekialdean Barduliarrak, mendebaldean Autrigoiak eta hegoaldean Beroiak mugakide izanik.
K.a. I. mendean, Kantabriar Gerren ondoren, erromatarrek Hispania osoa konkistatu eta gero, antzinako herrixka karistiarra erromatarren administraziopean geratu zen. Ez da hauteman inolako indarkeriazko aztarnarik, asimilazio baketsua izan zen. Izan ere, menderatzearen lehenengo uneetan jarraipena eman zitzaien bai haien hirigintzari bai haien ohiturei, aldaketa txikiren batekin, hala nola Italiar penintsulatik ekarritako zenbait material zeramiko erabiltzea.




